Durangoko Azokak erritmo bizia izango du lau egunetan, abenduaren 5etik 8ra arte. Salerosketak erakusmahaietan, kontzertuak bor-borka, kaleko giroa, bisitarien joan-etorria, sortzaileen sinadurak... Baina Durangoko Azokan ere badago hausnarketa eta gogoetarako unerik: Gogoetaren Plaza! Egitasmo honetan, euskal kulturarekin lotura duten hainbat gairi buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera izango dugu, azken edizioetan bezalaxe.

Baina aurten Gogoetaren Plazak nobedade handi bat izango du. Areto Nagusia utzi eta lehenengo aldiz, Musika Eskolan antolatuko da, Landako Gunearen atzekaldean. Bertan lau saio antolatuko dira, bi egunetan banatuta: abenduaren 6an eta 7an, 12:30ean eta 18:30ean. Hainbat gairen inguruan hausnartuko dute sortzaile ugarik: euskal prentsa, lizentzia libreak, kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza modura.

Saioak eta partehartzaileak honakoak izango dira:

 

Abenduak 6, ostirala, 12:30ean

GU GARA EUSKAL PRENTSA: EUSKARAZ ETA EZ ELEBITAN

Moderatzailea: Gorka Bereziartua. Argiako erredaktorea.

Mahaikideak:

  • Josu Landa. 1980an Argieroa, 1990ean Euskaldunon Egunkariaren hazia erein zuen taldekoa.
  • Elixabete Garmendia. Zeruko Argian, Argian eta Euskal Telebistan kazetari aritutakoa.

 

Abenduak 6, ostirala, 18:30ean

“... ETA DEBALDE EMATEN DIOT HERRIAREN AURIKULARRARI...”

LIZENTZIA LIBREAK KULTURGINTZAKO ALORRETAN

Moderatzailea: Axi Lopez. Argiako erredaktorea.

Mahaikideak:

  • Gotzon Barandiaran. Idazlea, lizentzia librean ari den Susa argitaletxeko kidea.
  • Miren Narbaiza. Musikaria. Bakarlaria ibilbide Mice gisa egiten ari da eta diskoa Creative Commons lizentziarekin argitaratu du.
  • Dabid Martinez. Informatikaria eta blogaria. Software librearen, jakintza askearen eta kultura askearen aldeko aktibista.

 

Abenduak 7, larunbata, 12:30ean

KULTURA LANA DA PROFESIONALIZAZIOA HIZPIDE

Moderatzailea: Gorka Bereziartua. Argiako erredaktorea.

Mahaikideak:

  • Maite Mutuberria. Ilustratzailea. Lohia album liburua argitaratu du.
  • Danele Sarriugarte. Itzultzailea eta idazlea. Erraiak eta Azala erre nobelak argitaratu ditu.
  • Jurgi Ekiza. Musikaria, Willis Drummond taldeko kidea. Bakarlari ibilbidean Ekiza gisa diskoak argitaratu ditu.

 

Abenduak 7, ostirala, 18:30ean

EUSKARA INTEGRAZIO HIZKUNTZA

ZER DIOTE EUSKALDUNDUTAKO EUSKAL HERRITAR BERRIEK?

Moderatzailea: Onintza Irureta. Argiako erredaktorea.

Mahaikideak:

  • Tarana Karim. Azerbaijanen jaio eta Tolosan bizi den emakumeen eta elkarbizitzaren aldeko aktibista.
  • Bouba Diouf. Senegalen jaio eta Bilbon bizi den kale-saltzaile eta sukaldaria.
  • Petra Elser. Alemanian jaio eta Euskal Herriko hainbat txokotan bizi izandakoa. Itzultzailea eta euskara eta etorkinen integrazioaren aldeko ekintzailea.

Laguntzaileak:

Argia, Bartolome Ertzilla Musika Eskola.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn