imageWilliam A. Douglassek (Reno, 1939) jasoko du aurtengo Argizaiola saria, abenduaren 6an, 20:30ean Szenatokian egingo den ekitaldian (San Agustin Kultur Gunean). Antropologo iparramerikarrak hainbat eta hainbat ikerketa argitaratu ditu euskaldunen migrazioei buruz, Amazoniatik iritsi berri, hainbat astez bere denborapasa gogokoenetakoan aritu ostean: kirol-arrantza. Unibertsiteko lanetik erretiroa hartuta, baina ikerketa utzi gabe, behin baino gehiagotan etorri da Durangoko Azokara, eta aitortu du “ohore handia” dela Argizaiola saria jasotzea Gerediaga elkartearen eskutik. ##SARRERA##

Renoko Euskal Ikerketen Zentroaren zuzendari izan zara urteetan. Zein izan da zentroaren ibilbidea eta zein fasetan dago orain? Renoko Euskal Ikerketen Zentroak asko aurreratu du ni jubilatu nintzenetik. Hazi egin da, eta gaur egun Jon Bilbao eta biok geunden sasoian baino ekimen gehiago dauzka. Orain dozena bat publikazio berri argitaratzen dira urtero, eta doktoretzako pedagogia eta ikasketa-programa oso ondo doaz.

Noiz egon zinen azkenengo aldiz Euskal Herrian? Zeintzuk dira euskal gizartean gertatutako aldaketen artean arreta handiena pizten dizutenak? 2012ko uztailean egon nintzen Euskal Herrian. Aholkulari-batzordearen urteroko batzarra egin genuen gure Bilboko egoitzan, eta Iruñeako Sanferminak bisitatu genituen. Gehien harritzen nauena, baina, Espainiaren aldean Euskal Herriak duen nolabaiteko oparotasuna da, krisiaren eraginpean egon arren. Euskal ekonomiaren eraberritzeak ere txunditzen nau, ingurumena kaltetu gabe, eta baita hobetuz ere.

Nola ikusten duzu Nevadatik egoera politiko berria eta bake prozesua? Ez dut oso hurbiletik jarraitzen egoera politikoa. Irakurri dudanagatik, iruditzen zait prozesua aurrera doala, nahiz eta espero zitezkeen zailtasunak egon. Baina, erraza balitz, duela urte asko konponduko zen. Oraingoan iraun dezala!

Nevadako euskal kolonia hurbiletik jarraitu duzu. Belaunaldi berriek mantentzen dute euskal kulturarekiko kezka? Uste dut oraingoz nortasuna eta elkartzeko ekimenak mantentzen dituztela. Baina, ez da “garaipenik” espero behar, asimilazio-indar eta eraginak etengabeak eta errukigabeak baitira. Gaurko garaipenak erraz deuseztu daitezke bihar.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn