Oraindik azoka amaitzeko azken egun osoa aurretik eta datu zehatzak patxadaz aztertzeko astia hartzeke, aurtengo Durangoko Azokaren balorazioa oso baikorra dela adierazi dute antolatzaile, gune, editoreen elkarte eta musika industriako ordezkariek.

Nerea Mujikak, Gerediaga elkarte antolatzailearen presidenteak, aurreko urteetako pertsona kopurua gainditu dela esan du, atzo gauerako 120.000 bisiten kopurua jada gainditu zela, Dinycon zenbaketa-sistemaren datuen arabera. "Jendearen erantzuna izugarria izan da".

image

"Bisitariak gune guztietatik ibili dira, Landako erakustazokatik Szenatokiraino. Horregatik, zortzi guneak Durangotik hedatzeak arnasa eman dio Azokari, eta kultur zaleek guztiez gozatu dute kultur plaza bakarrean: zinemaz, literaturaz, musikaz, teknologia digitalez, eta batez ere sortzaileen lan berrienez".

Jexux Mari Mujika euskal editoreen elkarteko kideak atzo arratsaldean argitaletxeetako ordezkarien batzarretik ateratako ondorio laburbildu du: "Pozik gaude, eta eskerrak eman etorri den jendetzari, eta Gerediagari antolaketagatik". Cristian Amorenak musika industriaren izenean hitz egin du: "Salmentetan, aurreko urteetako datuak mantendu dira". BEZ zergaren igoeraz kexu agertu da Amorena, eta erakunde publikoek kultura sustatzeko erakusten duten jarrera ere kritikatu du.

Guneak, parte-hartzearekin pozik

Oihane Barrutiak hartu du berba azkenik, Saguganbara guneko koordinatzaile eta Berbaro elkarteko kideak.Ikasleen egunerako guneen artean antolatutako programa bateratuak ondo funtzionatu zuela gogoratu du. "Gune guztiek hartu dugu parte, eta ikusi zenutenez, ikaslez bete zen azoka: 1000 ikasle baino gehiago hurbildu ziren Durangora. Gainera, parte hartzeko sekulako gogoa erakutsi zuten, eta tailer guztietan ibili ziren".

"Beste egunetan ere azpimarratzekoa da jendearen gogoa. Gune guztietatik ibili da jendetza, eta gainera, ekimenetan parte hartzen". Gunez gune egin du errepasoa Barrutiak: Ahotseneak gainezka egin du behin baino gehiagotan; Irudienean ere jendeak erantzun du, lehen aldiz zinema aretoan kokatu arren; Szenatokiak ere harrera beroa izan du, eta Durangoko Azokan erabat errotu da; Saguganbaran, berriz, lekurik gabe egon dira; Areto Nagusian jendea sartu-irtenean ibili da, eta liburuen aurkezpenek ohi baino jende gehiago erakarri dute; Plateruenan ere goizez eta gauez jendea ibili da, gaueko kontzertuetan ikuslego kopuru politak izan direlako.

"Hortaz, hau guztia ikusita, garbi geratu da jendeak Durangoko Azokara etorri, eta euskal kultura bizi nahi duela. Horregatik, jendeari eskerrak eman nahi dizkiogu… Oso balorazio positiboa egiten dugulako".

Read more http://www.durangokoazoka.com/index.php?op=5&id=123

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn