Orain dela 3 urte Durangoko Azokako kartela euskal artistei eskatzea erabaki genuenean, etapa berria nork zabaldu behar zuen erabakitzean aho batez onartu genuen: Nestor Basterretxeak berak, hain zuzen.

Bere ibilbide artistiko eta pertsonal handia ezagutzen genuen, baina Hondarribiko bere etxean sartzean hori guztia bigarren planora pasatu zen. Sortutako obra baino handiagoa zen atzean zegoen pertsona. Hasieratik eman zigun baietza, gogotsu eta eskuzabal onartu zuen gure eskaintza.

Handik aurrera, bisita egin genion hainbat bider, eta bera ere Durangora etorri zen, bai kartelaren aurkezpenera eta baita Azoka egunetan ere. Hunkigarria zen 90 urteko gizon handi hura standen artean paseatzen ikustea, lehen aldiz enkargu bat jasotzen duen artista gazte bat legez.

Berarekin partekatu genituen orduak gozamen hutsa izan ziren. Gizon jakituna, xarmagarria, dotorea, eskuzabala, ahoan ilerik bakoa eta umore-sen fin eta sarkorrekoa ezagutu genuen, bere konplizitate eta hurbiltasunagaz edonor desarmatzeko gai. Azken batean, guztiok eduki gurako genukeen laguna izan zen.  

Gogoz girotzen zuen bazkalondo haietako batean, Nestor pentsakor gelditu eta barrutik atera zitzaion: “Heriotza putada galanta da”. Denbora amaitzen zihoan eta bere artista-buruan egitasmoak pilatzen zihoazen etengabe.

Ados gaude. Heriotza txakurkeria hutsa da. Batez ere, zu bezalako pertsonak eramaten dituenean eta apur bat bakartiago eta beldurtuago uzten gaituenean guztiok.

Mila esker guztiagatik, Nestor

Besarkada bat!

Txelu Angoitia

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn