Marta Cardenas artista donostiarrak (1944) eskuz margotutako lana izango da 49. Durangoko Azoka iragarriko duen kartela. Azken urteetan Gerediagak euskal artista bati enkargatu dio irudia, arte plastikoen sortzaileek ere euren alea ipintzeko kultur diziplina denak batu gura dituen Azokan. Aurreko edizioetan Itziar Okariz eta Nestor Basterretxea izan ziren kartel egileak, esaterako.

Durangoko Azoka -kartel aurkezpena - Marta CardenasCardenasek Azokako kartela margotzeko proba asko egin dituela adierazi du, eskuetan, probetarako erabili zuen eta bere lanean hain garrantzisuak diren koadernoetako bat duela. Kartelaren “argitasuna” azpimarratu du eta, kartelaren hondo horia zergatik aukeratu duen galdetuta, koloreen artean “distiratsuena delako” nabarmendu du.

49. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da, eta kartel aurkezpenean egon dira, Marta Cardenas artistarekin batera, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria eta Txelu Angoitia argazkilaria eta elkarteko kidea.

Erretratu eta paisajeetatik, abstraktura

Ibilbide zabaleko artista da Marta Cardenas. Madrileko San Fernando akademian ikasi zuen (1963-68) eta gero Parisera joan zen Frantziako gobernuaren beka batekin (1969). Asko esperimentatu duen artista da. Lehenengo urteetan erretratuak eta paisajeak ziren bere laneko ardatzak, baina mugimenduak isladatzen hasi zen gero. 1996an bere ibilbide artistikoan aldaketa handia gertatu zen, Indiara egin zuen bidaia baten ondorioz. Abstrakturako jauzi handia eman zuen. Ordutik beste kultura batzuekiko interesa piztu egin zitzaion, beste kultura batzuetako forma, irudi eta koloreekin ere esperimentatuz.

Bere lehenengo erakusketa 1970ean egin zuen Donostian eta lau urte beranduago Durangoko Ezkurdin (1974). Hainbat galeria eta azoketan erakutsi ditu bere lanak: Milan, Paris, Lisboa eta ARCOn, esaterako, 1986an eta 1991n. Bere lanak, besteak beste,  Madrileko Reina Sofían, Bilboko Arte Ederren museoan, Madrileko Moncloa jauregian edota BBKren Bilduman daude.

Bere lanetako batzuk kultur ekitaldietako oroigarri ere izan dira. 2002an 63. Donostiako Musika Hamabostaldirako irudia egin zuen. 2003an V. Donostia Antzerki Sarietarako oroigarria egin zuen. 2013an Obabakoak nobelaren 25. urteurrena zela-eta egindako berrargitalpenerako ilustrazioa egin zuen.

Argazki gehiago: instagram.com/durangoko_azoka

Kartel aurkezpena, hedabideetan agertu dena [zerrenda osatzen ari gara]

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn