Anuntxi Aranak jasoko du aurten Argizaiola saria. Luiaondon (Aiara) jaiotakoa da, baina Angelun bizi da aspalditik. Euskal mitologia eta kondairen gainean lan zabala egin du. Euskal mitologia ikasketak aldarrikatzen ditu. Frantsez filologian lizentziaduna, AEKko irakasle izandakoa, EHEko kidea eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministakoa.

Antropologoa, feminista, euskaltzalea, ekologista, abertzalea. Zeinek identifikatzen zaitu?
Lan idatzia antropologiaz egina dut. Baina aipatu dituzun guztiak elkarren osagarriak dira eta denek dute zerikusia justizia sozialarekin. Hala ere, sentimentalki gehien ikutzen nauena euskalzaletasuna da. Zergatik? Herri oso txikia gara eta gure hizkuntza hilzorian dago. Eta guk ez badugu ezer egiten, mapatik desagertuko gara. Horrek hunkintzen nau gehien. Baina emakumeekiko ezberdintasunek eta bortxakeriek edota gure planeta nola hondatzen ari garen ere interesatzen zaizkit. Askoren antzera, injustizien kontrako beste borrokalari bat naiz.

Antropologiarekiko zaletasuna noiz piztu zitzaizun?
Haurra nintzela, nire familian bederen, ez nuen sekula ezer entzun. Behin bakarrik daukat akorduan, aitak nola kontatzen zuen sorginak bazirela erreka ondoan. Baina, kontu zaharrak, tradizioak, ohiturak, siniskerak... beti gustatu izan zaizkit. Erdi Aroko literatura ere gustokoa izan dut betidanik. Literatura mota horretan herri mitologiak zeresan handia izan du beti. 

Gero, Baionan euskarazko diploma bat egin nuen. Amaieran eskatu ziguten memoria txiki bat. Nik Bidarrain entzunda neukan Harpeko saindu bati buruzko istorioa. Magnetofoi bat hartu eta jendearekin, zaharrekin batez ere, solastera joan nintzen. Mundu bat deskubritu nuen. Jende batek sinisten dituen gauzak nola kontatzen dituzten oso ederra da.

Tesia Orozko Haraneko mitologian egin zenuen eta Ipar Euskal Herrian euskaraz defenditu zen lehenengo tesia izan zen zurea.
Borroka baten ondorioz izan zen horrela, Frantziako Hezkuntza sistemaren kontrako borroka bat. Eta ez nintzen bakarrik egon. Durangar batekin hain zuzen, Jasone Salaberriarekin. Elkarrekin borrokatu genuen gure lana euskaraz defendatu ahal izateko. Luze ibili ginen, eta halako baten ministro frantses batek esan zuen ez zegoela problemarik. Suertatu zitzaidan niri lehena izatea. Baina biok elkarrekin eskaria egin ez bagenu, ez nukeen lortuko. 1996an izan zen hori.

Tesiak zer pisu dauka zure antropología lanean?
Handia. Lan handia egin nuen. Ordu asko elkarrizketak eginez. Ordu asko datu bilketan. Orozkon ibili nintzen jende nagusiarekin hizketan. Bizkaieraz kontatzen zizkidaten istorioak eta ni euskaldun berria izanda, esfortzu handiagoa zen grabagailuan jasotakoa transkribatzea. Gero nire aurreko antropologoen ikerketekin alderatu eta ondorioak atera nituen. Interpretazioak egin. Pertsonaien esanahi eta ezaugarriak aztertuz beraien artean nola elkar eragiten duten zehaztu. Lan handia izan zen, eta gero argitaratu ditudan liburuen oinarri izan da.

Euskal mitologian zein pertsonaia aukeratuko zenuke?
Elkarren osagarriak dira. Denek dute elkarren beharra. Baina, beharbada, lamiak aukeratuko nituzke. Euskal Herri osoan dira, zazpi herrialdeetan. Kuriosoa da, izen ezberdinak hartzen dituztelako. Bizkaiko laminak neska ederrak dira, Baxenafarroan lamiak dira gizon txikiak, deabrutxoak... Lamiak sexu bietan daude. Akaso horregatik aukeratuko nuke gustokoen artean.

Egungo euskal gizartean zer esanahi du mitologiak?
Ez dut uste gaur egun duenik. Nahikoa abandonatua dago. Euskal mitologia ikasketak aldarrikatzen ditut. Gure historiaren parte dira, parte garrantzitsua. Eskoletan programa barruan kulturak ez dakit zer leku daukan, baina euskal mitologiak lekua izan beharko luke eskola curriculumean. Eta ez bakarrik umeek, nagusiek ere bai. Mitologia grekoa ikasten bada, zergatik ez gurea?

Matriarkatuaz baduzu iritzi kritikorik.
Txarto erabilita dago termino hori. Matriarkatua patriarkatuaren kontrakoa da, horrek esan nahiko luke gizonak emakumearen menpe dauden gizartea dela. Hori ez da inoiz existitu inon. Matriarkalismoaz galdetuta ikusmolde berezi bat dela esango nuke. Jarrera bat, gogo-jarrera bat, beti Anboto anderearen inguruan, Mariren inguruan. Mistika eta feminismoa lotu nahi dituena. Baina andere handi bat izateak, ez du esan nahi gero gizartea igualitarioa denik. Nik jartzen dudan adibidea Hondarribikoa da. Guadalupeko ama beneratzen dute, baina begira zer nolako saltsa dagoen alardearekin. Jarrera honen arabera, onartuz gero Anbotoko dama dela pertsona garrantzitsuena, ez dut uste horrek emakumeentzat bardintasuna ekarriko lukeenik.

Euskara zure bizitzako aurkikuntzarik handiena izan zela esan duzu.
Berandu aurkitu nuen hala ere. Nahiz eta nire jaioterrian euskaldunak egon, guk familian euskaraz ez genuen egiten. Euskararekiko, baina, motibazio sentimental-politikoa izan dut. Euskarara heldu nintzenean, aurkikuntza handia izan zen. Euskaldun zaharrek zail duzue hori ulertzen. Euskarak gauzak adierazteko duen ekonomiak liluratzen nau.

Motibazio estetikoa ere izan dut. Oso hizkuntza ederra iruditzen zait, nahiz eta oso kontu subjetiboa izan hau. Beharbada zure ama hizkuntza denaren gaitasunaz ez zara ohartzen. Baina beste hizkuntza bat ikasten duzunean, egunero aurkitzen dizkiozu gauza ederrak. Eta alde horretatik deskubrimentua izan da.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn