Kulturaren Plaza itxi egingo da bihar, laugarren egunean, 170 ekitaldi eta gero, milaka eta milaka kultur zale batu ostean. Gaueko 20:00etan zarratuko ditu ateak Landakok eta zortzi guneek. Baina, hori gertatu aurretik, ibilbide luzeko egitaraua abiatuko da lehendabiziko ordutik.

Okzitaniako trobalariei buruz jardungo dute bihar Katy Bernardek (Akitaniako trobalarien presidentea) eta Sergi Javaloyesek. Areto Nagusian izango da trobalariei buruzko hitzaldia, 15:00etan. Gainera, Okzitaniako ipuin zaharrak ere entzun ahalko dira Saguganbaran, 17:00etan, Maite Franko ipuin kontalariaren ahotik. 

Szenatokiak iraungo du 20:00ak baino apur bat gehiago. Kepa Junkera eta Organik dantza konpainiak elkarlanean osatutako 'Txapeldun' antzezlana estreinatuko dute bihar, abenduak 8, 19:00etatik aurrera, arte eszenikoen plazan. Eta estreinaldi hori izango da aurtengo Durangoko Azokari akabua emango dion azken ekitaldia.

Gogoetaren Plaza ere bihar amaituko da, kultur transmisioa ardatz hartuta, Uxue Alberdi idazle eta kazetaria gidari. 11:00etan, Gorka Urbizu elkarrizketatuko du, Berri Txarrak taldeko abeslaria. 13:00etan, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Niko Etxart musikaria gonbidatu dituzte solasaldira. 18:00etan, mahaingurura batuko dira Jon Sarasua pentsalaria, Ander Lipus antzerkilaria eta Mari Jose Olaziregi literatur irakasle eta kritikaria.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn