Durangoko Azokari omenaldia egin dio Korrika 19k Ahotsenea gunean, bertako ateak itxi ondoren. Ekitaldian, “Gu euskahaldunak gara” dokumentala estreinatu dute 19 aurpegi ezagunek noiz, nola eta zergatik euskahaldundu ziren kontatzen duena, Durangoko Azokako zuzendari ohi Jose Luis Lizundia eta Jon Irazabal tartean direla.

Peru Magdalena sortzailea dokumentalaren aurkezlea gidari zela, 20:30ean hasi da omenaldia. Magdalenak Azokaren historia laburbildu eta Gerediaga Elkarteak frankismo betean abiaturiko ekimena txalotu du, 50 urte beteko dituenean. Magdalenak esan duenez, “herri honek lorpen handiak egin ditu, eta, zalantzarik gabe, horietako bat da Durangoko Azoka”.

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Durangoko Azokako zortzi guneetako ordezkariak igo dira Ahotseneako Iparra agertokira, eta Asier Amondo Korrika arduradunak hartu du hitza. Durangoko Azokak “ahaldundu eta euskahaldundu” egiten gaituela esan du Amondok, eta “herri gogoa” aipatu du, nahi izatearen eta gai izatearen arteko lotura eginez.

Korrika arduradunak euskaltegi eta ikastetxeei esker 300.000 pertsona euskaldundu direla nabarmendu du, egiteko eta eragiteko gaitasunaren ikur gisa, eta 19. Korrikaren leloa ekarri du gogora, Euskahaldun!, “ahalmen metaketarako gonbita” dela esanez: “Guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitute Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea”.

Esker onez, oroigarri bana eman diete AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek Durangoko Azokako zortzi ordezkariei, eta Jon Maya dantzariak egin die ohorezko agurra. Nerea Mugikak -Gerediaga Elkarteko lehendakariak- hartu du hitza Azokako antolatzaileen izenean eta, Korrika eta AEKri eskerrak emanda, elkarlan esparruak zabaltzearen garrantzia nabarmendu du euskararen sustapenerako ardatz gisa.

Omenaldian izan dira, beste hainbaten artean, Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Edurne Brouard Korrika arduradun izandakoa, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Lorea Bilbao EAJko EBBko euskara arduraduna, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako eta bestelako gizarte eragileetako ordezkariak. Baita sortzaileak ere.

“Gu euskahaldunak gara”

Korrikaren 19. ediziorako ekoitziriko dokumentalean - "Gu euskahaldunak gara"- 19 pertsona esanguratsu agertzen dira, euskal gizarteko esparru ezberdinetan erreferentziazkoak direnak. Elkarrizketen bitartez, euskararen alorreko ahalduntzeaz ari dira: noiz ahaldundu ziren, nola, zergatik... Norbanako gisa euskahalduntzeaz ari dira, baina baita ahalduntze esperientzia kolektiboei buruz ere.

Ahalduntzea ez ezik, ahuleziak ere badituzte mintzagai, izan ere ahuleziak ere aztertu behar dira norbanako zein kolektibo gisa euskahalduntzera heltzeko.

Durangoko Azokak ere badu bere tartea ikus-entzunezkoan eta, hala, Jose Luis Lizundia eta Jon Irazabal Azokako zuzendari ohi eta Gerediaga elkarteko kideak ere agertzen dira, Azoka bera eta euskahalduntzea lotuz.

Peru Magdalenak aurkeztuta, 38 minutuz euskararen eta euskalgintzaren iraganaz, geroaz eta berreskurapenaz dihardute Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohiak, Kirmen Uribe idazleak, Maite Arroitajauregi “Mursego” musikariak edo Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak, besteak beste.

Korrikak bidalia

Korrika omenaldia

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn