Urriaren 3an amaitu zen epea aurtengo Ikasle Eguneko jardueretan izena emateko (abenduaren 4an izango da, Azokako lehenengo egunean), eta izen-emateek marka guztiak hautsi dituzte. Aurten Azokako gune ezberdinek 1200 ikaslerentzako jarduerak antolatu dituzte, egitarau anitza, berritzailea eta erakargarria osatuz.

Bada, eskariak nabarmen gainditu du eskaintza: 4655 ikaslek eman dute izena, hots, iaz baino mila eskaera gehiago. Euskal Herriko txoko ezberdinetako hezkuntza-zentroetatik jaso dira eskaerak, jarduera guztietarako. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da (dena den, ikasle guztiek Azoka bisitatzeko aukera izango dute).

Ikasle Egunera gerturatzen diren ikasleek tailer ugaritan parte hartzeko aukera izango dute: ikusentzunezkoetan sexismoaren eragina aztertzeko, zirkoan aritzeko, book-trailer bat sortzeko, bikoizketa lanetan murgiltzeko... eta noski, liburu eta diskoen stand-ak bisitatzeko. 1982an antolatu zen lehen aldiz Ikasle Eguna, eta urtez urte bisitari gehiago jaso ditu. Aurtengo edizioa ere horren erakusgarria izango da.

Oharra: izena eman duten ikastetxeez gain, abenduaren 4an Ikasle Egunera gerturatu gura duten ikasleek ere Azoka bisitatzeko aukera izango dute, izena eman barik. Hau da, Ikasle Egunera joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, izen-emateak jardueretarako bakarrik behar dira.

Ikasle Eguneko eskaintza osoa honakoa izango da:

- Josu Bergararen diska berriaren aurkezpena. Bakarlariak "Kanta txikien indarra" bere lan berria aurkeztuko du hitzaldi musikatu baten bidez, eta hainbat abesti joko ditu. Ahotsenean.

- Patxi Zubizarretaren "1948ko uda" liburuaren aurkezpena. Idazle ordiziarrak ikasleekin berba egingo du bere lan berriaz (Erein argitaletxea). Ahotsenean.

- "Zelan egin liburu bat" tailerra. Ideia bat ametsen txokoan jaiotzen denetik liburu bihurtu arteko ibilbidean esku askok hartzen dute parte. Profesional ugarik laguntzen dute liburua editatzearen abenturan, sarri isilean bada ere. Tailer honetan, horietako baten lan ia ezkutua ezagutuko dugu: editorearena berarena. Areto nagusian.

- "Bideo klip saioa" Amaia DJrekin. Azoka TBk, zuzenean, bideo klipez osatutako musika-saioa ekoiztuko du ikasleen laguntzaz. Azoka TBn.

- "Bideo klipa ekoiztu" tailerra. Ikasleek Azoka TBn emitituko diren bideoklipak ekoiztuko dituzte. Ikasle Eguneko irudi adierazgarrienekin osatutako bideo klipa muntatzea izango da helburua. Azoka TBn.

- "Yotubeko gezurrak: sexismoa gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoetan" tailerra. Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko edukiak (film, telesail, programa...) zabaltzen dituzten jarrera eta mezu sexistei buruzko ordubeteko tailer-hitzaldia. Hizlaria Katixa Agirre izango da. Irudienean.

- "Bikoizketa tailerra". Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute gazteek, bikoizle profesionalen eskutik. Irudienean.

- Code.org kudeatzeko tailerra. Ikasleek plataforma hau ezagutu eta programazio bisualaren bidez programazio hastapenak ikasiko dute. Kabi@n.

- Euskal kantagintza kontzertuan. Euskal kanta tradizional eta garaikideen transmisioa helburu duen kontzertua. Plateruenan.

- "Barrenetik" ikastaroa. Ikasleek ilustrazioan horren garrantzitsua izan den grabatuaren teknika egiten ikasiko dute, etxean eskura ditugun materialekin. Saguganbaran.

- "Zirrikitutik" ikastaroa. Haur eta gazteek irakurtzen eta entzuten dituzten ipuin, liburu eta kantuek transmititzen dituzten baloreak aztertuko dituzte generoaren eta sexualitatearen ikuspegitik. Saguganbaran.

- Zirko tailerra. Ikasleek malabareak, orekak, aereoak eta akrobazioak egiten ikasiko dituzte. Szenatokian.

- Stop-motion tailerra: booktrailerra. Ikasleek booktrailer bat egiten ikasiko dute, zinemako trailer baten modukoa, baina liburu batekin. Durangoko Udal Bibliotekaren eskutik.

- "Hazi sortzen" tailerra. Material sinpleekin (kartulinak, artaziak, kola-barrak) manipulatzen esperimentatuko da. Forma ezberdinetako irudiak moztu eta plano batean itsatsiko dira, 3D formak hazten ikusteko asmoarekin. Artium Museoaren eskutik, Durangoko museoan.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn