Durangoko Azokak bere 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta, urtero legez, abenduko lehenengo egunetan antolatuko da, kasu honetan, abenduaren 4tik 8ra arte, ohikoa baino egun bat gehiagorekin. Baina hasierako edizio haietan Azoka ez zen abenduan antolatzen, Domu Santu egunaren bueltan baizik, hots, urri amaieran eta azaro hasieran. Lehenengo edizio hura, 1965. urtean, urriaren 30ean hasi eta azaroaren 1ean amaitu zen. Andra Mari elizpea izan zen hautatutako lekua, eta bertan egin zen 1974ra arte.

50. urtemugaren harira, Gerediaga elkarteak liburu bat kaleratuko du Azokaren mende erdiko ibilbidea bilduz. Liburua azokako egunetan salgai egongo da, eta egileak Jesus Mari Arruabarrena eta Joseba Sarrionandia dira. Liburuan Azokako lehenengo edizio hartako hainbat bitxikeria jaso ditu Arruabarrenak (Sarrionandiak nazioarteko eta Euskal Herriko testuingurua kontatzeaz arduratu da).

Berbarako, Arruabarrenak libururako idatzitakoen artean irakur daitekeenez, lehenengo Azoka hura antolatzeko lehenengo bilera Leopoldo Zugaza sortzailearen dendan egin zen. "Han elkartutakoek ametsik zoroenean ere ez zuten pentsatuko noraino puztuko zen asmo hura, eta gaur eguneko Azoka ikustera datorrenak nekez imajina dezake hasiera xume hura".

Pentsatu, eta egin: lehenengo Azoka 1965eko urriaren 30ean hasi zen. Ekimenaren aurrekontua 46.587 pezetakoa izan zen, eta guztira 25 editoreren lanak aurkeztu ziren, 18 standetan. Lau diputazioek, Euskaltzaindiak eta "Amigos del Pais" elkarteak standak jarri zituzten, besteak beste. Partehartzaileen artean ere izen ezagunak egon ziren: Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendo, Gomez, Espasa-Calpe eta abar.

Egileak gogoratzen duenez, ekimen aitzindari horrek arrakasta lortu zuen "ustekabean". Hala gogoratzen du Jose Luis Lizundiak ere, liburuan jasotzen den bezala: "Denok harritu ginen, editorialak bai geu, lehenengo Azokak izan zuen arrakasta ikusita. Jendeak egarria zeukan, gosea".

Mota honetako lekukotzak eta gertakariak bildu ditu Jesus Mari Arruabarrenak Azokaren urtemugarekin lotuta plazaratuko den liburuan. Era berean, Argizaiola Sarien bidez, Gerediaga Elkarteak gure artean dauden Gerediagako eta, beraz, Azokako sortzaileak omenduko ditu, abenduaren 5ean egingo den ekitaldian.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn