• Iaz Erresuma Batuko hainbat editore Azokara etorri ziren eta, bisitaren ondorioz, hiru lan ingelesera itzuli eta plazaratuko dira.

Iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, atzerriko editoreak gonbidatuko ditu Etxepare Euskal Institutuak aurtengo Durangoko Azokara. 2014. urteko edizioan, Etxeparek Erresuma Batuko hainbat editore ekarri zituen Azokara eta Donostiara, euskal idazleak eta editoreak ezagutzera emateko helburuarekin.

Editore gonbidatuak honakoak izan ziren: Parthian Books, Peter Owen Publishers, Comma Press, Seren Books eta Maclehose Press. Horrez gain, beste gonbidatu bi ere egon ziren: Elin H.G. Jones (Aberystwyth Universityko Mercator Instituteko zuzendaria) eta Maya Jaggi (LAF Literature Across Frontiers erakundeko ordezkaria eta The Guardian egunkariko kazetari eta kritikaria).

Iazko gonbidatu guztiak oso harrituta geratu ziren Azokaren neurri, bizitasun eta jendearen parte-hartzearekin. Gainera, Etxeparek hainbat editoreen eta euskal argitaletxeen arteko (Elkar, Pamiela, Susa, Txalaparta...) hitzorduak antolatu zituen. Horrez gain, Institutuak irakurketa-saio berezi bat antolatu zuen editoreentzat Donostiako Garoa liburu-dendan, Rikardo Arregi, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Iban Zalduaren parte-hartzearekin.

Etxepareren egoitzan ere lan saio bat burutu zuten: gonbidatuek euskal literaturaren egoeraren eta Institutuak euskal literaturaren kanpoko zabalkunderako burutzen dituen ekintzen berri jaso zuten, eta hainbat lagin eta katalogo eraman zituzten.

Bisita oso oparoa izan zen: hiru liburu euskaratik ingelesera itzuli eta publikatu ziren. Honakoak: Karmele Jaioren Amaren Eskuak (Parthian Books), Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Parthian Books) eta Harkaitz Canoren Twist (Archipielago Books). Etxeparek hiru lan hauen (eta beste batzuen) itzulpena gauzatzen lagundu zuen, urtero banatzen duen itzulpenerako diru-laguntzaren deialdiaren bitartez.

Aurten, beraz, iazko esperientzia aberasgarria errepikatuko du Etxeparek. Edizio honetan 2016. urtean Europako Kultur Hiriburuak izango diren Donostia eta Wroclaw hirien arteko lotura dela eta, Poloniako editoreak izango dira Azokan. Horrez gain, literaturan eta musikan adituak diren Poloniako kazetariak ere etorriko dira. Iaz bezala, Institutuak topaketak antolatuko ditu idazleekin, eta Donostiara ere joango dira: hainbat kulturguneren eta Etxepare Euskal Institutuaren Tabakalerako egoitza berria bisitatuko dute eta Donostia2016 egitasmoa ezagutuko dute.

Argazkia: Etxepare Euskal Institutua.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn