Milaka bisitariren joan-etorria, erakustokietako kutxak gora eta behera, kontzertuen danbadak, Ikasle Egunaren iskanbila... Abenduaren 4an zoramena hasiko da Durangon. Erritmo bizi horren erdian, baina, hausnarketa egiteko aukera ere izango dugu bigarren urtez Gogoetaren Plazan, Areto Nagusiaren baitan (Landako gunean).

Aurten, gainera, Gogoetaren Plaza indarberrituta helduko zaigu, Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzari esker. Helburua honakoa izango da: euskal kulturaren gaineko gogoeta bultzatzea eta etorkizuneko ildo eta estrategiak garatzen laguntzea.

Norabide horretan, Gogoetaren Plazak mende erdiaren atalaia aurrera begiratzeko baliatuko du. Hortik dator aurtengo mahai-inguru eta solasaldien goiburua: Biharkoak Gaur. Abenduaren 5etik 8ra arte, lau gai jorratuko dira: Plaza eta ikusgarritasuna; kultur politika eta eragiletza; sortzaileen erreleboa; eta kulturaren prestigio bideak. 23 sortzaile eta aditu igaroko dira eta saio bakoitzak erreferentziazko gidari bat izango du.

Besteak beste, honakoek parte hartuko dute Eider Rodriguez, Andoni Egaña,  Danele Sarriugarte, Asisko Urmeneta, Ruper Ordorika, Aizpea Goenaga, Hedoi Etxarte, Miren Amuriza, Itxaro Borda, Joseba B. Lenoir, Izaro Ieregi, Harkaitz Cano eta abar.

Informazio gehiago Areto Nagusiaren mikrositean.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn