Gazteek kontsumitzen duten ikus-entzunezko produktuetan dagoen sexismoa antzemateko asmoz, abenduaren 4an eta 5ean hainbat jarduera izango ditugu Durangoko Azokako Irudienea gunean, Emakunde erakundeagaz elkarlanean.

Alde batetik, abenduaren 4an, Ikasle Egunean, Katixa Agirre idazle eta irakasleak hiru hitzaldi-tailer eskainiko ditu Irudienean (10:30-11:45; 11:50-13:05; 13:10-14:25), “Ikus-entzunezko sindromeak: sexismoa gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoetan” izenburupean. Emanaldi hauek ikasleei begira antolatuko dira, Oihulari Klownen laguntzagaz.

Abenduaren 5ean, bestetik, adin guztietako entzuleei zuzendutako hitzaldi irekia egongo da, izenburu berarekin, eguerdiko 12etan Irudienea gunean (Zugaza Zinea. Uribarri kalea, 8). Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko edukiek (film, serie, programek…) zabaltzen dituzten jarrera eta mezu sexistei buruzko hitzaldia izango da, eta ondoren, Oihulari Klownek ikuskizuna eskainiko du.

Emakundek bultzatzen duen XII. Berdintasunerako Gunearen presentzia Azokan ez da hor geratuko. Gune ibiltaria Durangon izango da abenduaren 4an eta 5ean Ezkurdi Plazan eta nahi duenak bisita egin ahal izango du honako ordutegian: 10:00etatik 14.00etara eta 16-00etatik 20.00etara. Bertan, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak bertatik bertara azaltzen duen erakusketa ikusi ahal izango da, besteak beste.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn