Hiru, bi bat... eguna heldu DA! 50. edizioa hasi DA! Has dadila festa eta ospakizuna; bost eguneko kultur mozkorraldia; 249 erakustokiren sormen-zurrunbiloa; 250 kultur ekitaldien gozamen-zoramena!

10:30ean puntuan zabaldu ditu ateak 50. Durangoko Azokak, aurten boluntario lanetan ari diren lagunen eta Nerea Mujikaren eskutik. Eta urtero legez, ateak zabaltzeagaz batera, ikasleen uholdea sartu da Landako Gunera. Euskal Herri osoko ikastetxetatik etorritako milaka ikasle gerturatu dira gaur Durangora. Azokak beren-beregi ikasleentzat programazio berezia antolatu du gune ezberdinetan. Esaterako, Irudienean eta Saguganbaran eduki sexisten eragina aztertzeko aukera izango dute, ikus-entzunezkoetan eta ipuinetan, hurrenez hurren. Ahotsenea Solasaldietan Antton abeslariarekin eta Patxi Zubizarreta idazlearekin solasean egongo dira, eta Kabi@n, Code.org plataforma kudeatzen ikasiko dute. Azkenik, Azoka TBn bideoklipak egiten ikasiko dute; Areto Nagusian "Ametsetik liburura" saioa egongo da; Szenatokian zirko tailerraz gozatu ahal izango dute eta Plateruenan euskal kanta tradizionala abestuko dituzte.

Baina lehenengo egun honetan egitaraua ez da ikasleei begira bakarrik egongo. Publiko orokorrak ere zer egin eta zertaz gozatu izango du –249 erakustokiez gain, noski–. Ahotsenearen zuzenekoen karpan hamaika talde arituko dira: Txapelpunk, Piztiak, 2zio, Izate Faltsua, Pornox... Solasaldien txokoan, ostera, sortzaile ugari elkartuko dira, liburu eta diskak aurkezten: Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Mikel Markez, Eneko Barberena, Mikel Antza...

Ikus-entzunezkoak gustoko dutenek "Itsasoari begira" dokumentala ikusi ahal izango dute Irudienean, besteak beste. Kabi@n, UEUk antolatuta, "Raspberry eta hezkuntza" solasaldia egongo da; Areto Nagusian Jakoba Errekondok "Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz" hitzaldi interesgarria eskainiko du; eta Saguganbara sagutxuz lepo izango dugu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunagaz.

19:00etan, gorriz markatu beharreko hitzordua izango dugu Szenatokian, San Agustin Kuturgunean. Bertan ospatuko da 50. edizioaren inaugurazio-ekitaldia, kultur sortzaile, herri-mugimenduko kide, Azokako guneetako arduradun eta erakundeetako ordezkariak elkartuz.

Lehenengo eguna gogotsu amaitzeko, 22:30ean Plateruenan Bidehutseko piztiak elkartuko dira: Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & lagunak, Audience, Nire... Hori bai, gorde indarrak hurrengo egunetarako, aurten azokazaleok bost egunez gozatzeko aukera izango dugu-eta!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn