Konturatu orduko, Durangoko Azokako bost eguneko maratoiaren lehenego eguna igaro dugu jada! Ikasle Egun jendetsuaren ostean, asteburuari ondo etorria emango diogu gaur, abenduak 5, eta eguraldi ederragaz gainera.

Gaurkoa Gogoetaren Plazaren lehenengo eguna izango da, Areto Nagusian. Bigarren urtez antolatu da jarduera hau, aurten Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzaz. Egunero gai zehatz bat izango dute hizpide; gaurkoa "euskal kulturaren ikusgarritasuna" izango da. Alberto Barandiaranen gidaritzapean, goizean Andoni Egaña eta Asisko Urmeneta arituko dira; arratsaldean, berriz, Eider Rodriguez, Fermin Etxegoien eta Koldo Almandoz.

Kabi@ gunearen domo ikusgarrian "bideo-joko ekaitza" izango dute 10:30ean, Gamerauntsiaren eskutik. Etxeko txikientzat, ostera, aurkezpen interesgarriak izango dira Saguganbaran. 17:00etan, berbarako, Jokin Mitxelena eta Pello Añorgaren "Munstroek ere pixa egiten dute ohean" aurkezpena egongo da.

Irudienean Kameratoia euskarazko ikus-entzunezkoen rallya hasiko da bihar bertan, 10:30etik aurrera, eta parte hartzaileak 50 ordu izango dituzte euren pelikula sortzeko. 19:00etan, Asier Altunaren Amama film arrakastatsua proiektatuko dute.

Egunero bezala, Ahotsenean makina bat sortzaile elkartuko dira zuzenekoen karpan eta Landako barruan dagoen solasaldien txoko goxoan. Zuzenekoetan Lain, Xutik, Arkada Social, Eratu eta Hesian bezalako taldeak elkartuko dira. Solasaldietan, ostera, Bernardo Atxaga, Iñaki Petxarroman, Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro izango ditugu, besteak beste.

Szenatokiaren kasuan "kafiek eta berbak" izango dira protagonista. Euskal Herriko hainbat antzerki eskolen topagunea izango da 12:00etatik aurrera. Iluntzean, Azokaren momentu berezienetako bat izango dugu: Argizaiola Sariak banatuko dira, Karrika Antzerki Taldeak gidatutako ekitaldi oso berezi batean. Aurten gure artean dauden Gerediagako sortzaileek jasoko dute Argizaiola. 20:00etan hasiko da, San Agustin Kulturgunean.

Azkenik, gauero bezala, eguna Plateruenan amaituko dugu, kasu honetan rock doinu bizien bidez: Iheskide taldeak bere azken lana aurkeztuko du 23:00etatik aurrera.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn