- Sortzaileek Azokako guneetan parte hartzeko aukera izango dute beste urte batez. Proposamenak aurkeztu ahal izango dira urriaren 31ra arte.

- Helduen tailerretarako izen ematea ere zabaldu da, urriaren 31ra arte. Aurten hainbat jardueraz gozatzeko aukera egongo da: rap tailerra, Durangoko bondardaketaren inguruko bisita gidatua, bikoizketa tailerra, autodefentsa digitalaren hastapenak eta abar.

Azokako gune ezberdinetan parte hartzea gustatuko litzaizuke? Kultur sortzailea zara eta zure lana Durangoko Azokan erakustea gura zenuke? Bada, aurkeztu zure proposamena! Durangoko Azokak gune ezberdinetan izena emateko epea zabaldu gaur, urriak 4, eta zabalik egongo da urriaren 31ra arte.

Zortzi gunek osatzen dute Durangoko Azoka, bakoitza bere egitarauarekin: Areto Nagusia, Kabi@, Ahotsenea, Plateruena, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Azoka TB. Azken honetan musikari eta disketxeek bideoklipak bidaltzeko aukera dute, gainontzeko guneen epe berberarekin.

Proposamenak Azokara bidaltzeko bidea www.durangokoazoka.eus web orrialdea da. Parte-hartzaileak bertan ikusiko duen legez, aldez aurretik erregistratu beharko dira, eta hainbat urrats jarraitu beharko dituzte proposamena bidaltzeko.

Ahotsenearen kasuan, gainontzeko guneetan ez bezala, proposamenak e-postaz bidali beharko dira, helbide honetara: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.. Gune honen mikrositean informazio gehiago topatuko duzu bete beharreko irizpideen inguruan: http://ahotsenea.durangokoazoka.eus.

Iazko edizioan 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ziren Durangoko Azokaren baitan, gune guztietan: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, hitzaldiak, antzezlanak...

 

Areto Nagusia: 30 minutuko tarteak dira, argitalpenak zein proiektuak aurkezteko.

Azoka TB: Bideoklipak, booktrailerrak... bidal daitezke.

Ahotsenea: 30 minutuko tarteak dira, euskarazko literatura eta musika aurkezpenak.

Irudienea: Euskarazko ikus-entzunezko lanak.

Kabi@: Kultura digitalarekin lotuz, esperimentazioa, sormena, erakusketak, tailerrak, proiektuak, topaketak, partehartzea, eztabaidak...

Saguganbara: Idazleen aurkezpenak, tailerrak eta ekintza bereziak antolatzen dira,
irakurketa aktiboa bultzatzeko. Publiko gaztetxoa.

Plateruena: Gaueko kontzertuak. Eguneko animazio proposamenak aztertuko dira.

Szenatokia: Arte eszenikoen topalekua.

 

 

Helduen tailerrak, bigarren urtez

Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunaren baitan, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira. Aurten bigarren aldiz helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak, eta gaur zabalduko du izena emateko epea (www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin beharko da), urriaren 31ra arte.

Tailer guztiak abenduaren 7an izango dira, arratsaldez, hainbat gunetan:

- Rap tailerra, musika hiri-kulturak (Ahotsenea musika, 16:30ean). Tailerraren hasieran azalduko da zer den rapa, nondik sortzen den eta zer nolako tokia hartu duen gure kantagintzan. Bigarrenik, saio praktiko batzuk egingo dira. Helburu nagusia rapera hurbiltzea da euskal rapero baten eskutik.

- Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua (Areto nagusia, 17:30ean). 80 urte dira Durango bonbardatua izan zela. Gaur egun, oraindik, erasoa izan zela agerian uzten duten aztarnak daude. Durangoko kaleetan zehar egingo den bisitan, aztarnak ikusi eta bonbardaketa nola gertatu zen ezagutzeko aukera izango da.

- Bikoizketa tailerra (Irudienea, saio bi, 16:30ean eta 18:30ean). Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik.

- Autodefentsa digitalaren hastapenak (Kabi@, 16:30ean). Tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronken inguruan hausnartzea du helburu. Hitzaldi labur baten ostean, gure sakelako telefonoetan geure burua defendatzeko neurriak hartzen ikasiko dugu app eta konfigurazio ezberdinak erabiliz.

 

 

Azoka herriz herri!

Irailaren 29an Tafallan lehenengo geldialdia egin eta gero, Durangoko Azokak herriz herri jarraituko du hurrengo asteetan, Ahotsenearen 10. urteurrena ospatu eta kulturaren plaza zabaltzeko asmoz. Hurrengo geltokia Bilbon izango da, urriaren 20an, Biba kulturgunean. Argazki erakusketarekin batera, emanaldia egongo da Mikel Etxaburu idazlea eta Kintsukoroi musika taldearekin, 20:00etan. Horren ostean Gasteizen eta Azpeitian ere hitzorduak egongo dira, azaroan.

- Bilbo DA! Urriaren 20an, 20:00etan BIBA kulturgunean. Mikel Etxaburu idazlea + Kintsukoroi musika-emanaldia. Argazki erakusketa urriaren 16tik 31r, BIBA eta Adaxkan.

- Gasteiz DA! Azaroaren 3an, 20:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikariak eta Karmele Jaio. Erakusketa azaroaren 3tik 19ra.

- Azpeitia DA! Azaroaren 16an, 20:00etan San Agustin Kulturgunean. Gorka Urbizu musikaria + Gotzon Barandiaran idazlea. Erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn