RIOS Erik

Durangoko Azokaren 50. edizioa dugu aurtengoa, eta gaur Abenduak 7 dela, ia amaitzear dagoen Azokaren azken aurreko eguna dugu aurrean. Ez da berdina Azoka bisitari moduan bizitzea edo barruan langile bezala bizitzea. Horixe bera aipatzen dute beti Azoka posible egiten duten hainbat langile eta boluntario.

astelehena 2 2015 6186 2048x1365

Julen Nafarrate prentsa arduraduna da, eta aurten Azoka barrutikan ezagutzeko aukera izan duen lehenengo urtea izan da. Barrutik bizita ikuspegia “guztiz ezberdina” dela dio Nafarratek. Lanaldi luzea da langileek aurrean dutena: “Goizean goizetik gaude hemen gauera arte eta dena nola antolatzen den bizitzen ari naiz”.

Argazkilariek ere lan handia dute Durangoko Azokan. Gerediagako argazkilaria da Txelu Angoitia, eta bere argazki kamerarekin doa leku batetik bestera. Landakon ematen diren momentu “bitxiak” irudikatzea tokatzen zaio. Argizaiola saria entregatzeko momentua aipatu du argazkilariak Azoka honetako une berezia bezala, eta beste hainbat momentu bereziak bizi arren, aurtengo Azoka nahiko “lasaia” izaten ari dela jakinarazi du.

Informazio gunea izaten da askok jotzen duten lekura egitarauaren berri izateko. Bertan lan egiten du Esther Sotok. Bere lana bertara gerturatzen direnei informazioa eta laguntza ematea da. Sotoren esanetan, Azokara hurbiltzen diren gehienak bere kabuz nahiago dute Azoka ikustea, baina badago jendea planoaren bila joaten dena, edo informazio jakin bat eskuratzeko asmoarekin.

Atzerriko jendearen interesa azpimarratu du Sotok: “Ez da lehenengo urtea atzerriko jendea informazio bila etortzen dela”. Informazioa eskuratu nahi izan dutenen artean Andaluziako bikote bat eta Japoniako beste hainbat pertsonen adibidea jarri du informazio guneko arduradunak. Bestalde, Azokara jende gazte asko gerturatu dela jakitera eman du Sotok, baina informazio gunera batez ere jende heldua gerturatzen dela jakinarazi du.

Komunikabideek zeregin garrantzitsua dute Durangon Azokak irauten duen egunetan. Hainbat hedabide Azokaren egunetan ematen diren ekimenei buruzko jarraipen osoa egiten dutela jakitera eman du Nafarratek: “Komunikabide euskaldunak beti etortzen dira, horrexegatik ahalegin berezia egin dugu erdaldunak diren komunikabideak erakartzeko”. Aurten hasi dira baita nazioarteko kazetari edo hedabideekin harremanak sendotzen Durangoko Azoka munduko plazan ipintzeko asmoarekin: Katalunia, Australia, Polonia eta Finlandia herrialdeetako kazetariak daude aurten Durangon. Prentsa arduradunaren ustez “beharrezkoa” da harreman hauek sendotzea, batez ere kontutan hartuta euskara dela hizkuntza gutxituen artean mota honetako azoka duen bakarrak.

Sare sozialen garrantzia ere azpimarratu du prentsa arduradunak. Belaunaldi berriak erakartzeko ahalegin handia egin dituzte azken bi urteotan, Nafarratek aditzera eman zuen Twitter, Facebook, Instagram eta Youtuben dituzten kanalak erabili dituztela aurtengo edukiak hedatzeko, batetik bertaratzen diren pertsonen partetik “erantzuna” jasotzen dutelako, prentsa-oharrekin lortzen ez dena, eta bestetik jende gaztea Azokara erakartzeko.

Angoitiak ordea sare sozialen beste ikuspuntu bat du. Sare sozialak erabiltzearen alde agertu da, baina hauek ematen duten “berehalako informazioa” arriskutsua izan daitekeela pentsatzen du langileak, hausnarketarik gabeko eta okerra den informazioa emateko arriskua dagoelako.

Argi dago Azokaren ikuspuntu guztiz ezberdina bizitzen dutela Azokan lan egiten duten langileek, kanpotikan etortzen diren bisitariek bizitzen ez dutena. Azoka bizitzeko beste modu hau da langileek eta boluntarioek bizi nahi dutena.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn