Anitza, baikorra eta arrakastatsua. Durangoko Azokako antolakuntzak eta Gerediaga elkarteak balorazio positiboa egin dute Azokako 53. edizioari buruz: "Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan". Bost egun hauetan Landakon, gainontzeko guneetan eta Durango osoan egon den giro ona azpimarratu dute Azokako antolatzaileek: "Azoka beste behin ere euskal kulturaren plaza izan da. Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea: proiektu berriak sortu, plazaratu edo erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko".

Gaur Durangoko Azokako azken eguna izango da eta, azokazaleek jarduera ugari izango dituzte gune guztietan. Areto Nagusian, lau egunetako maratoia eta gero, patxadaz hasiko dute Azokako azken txanpa, yoga saio batekin, Maite Eizmendiren eskutik. Horren ostean hainbat aurkezpen antolatu dituzte: Euskal Udalekuen historia eta istorioak, 2019. urteko Loraldia, irakurketa errazeko Kalafate bilduma eta abar.

- Durangoko Azokako zazpi guneak bor-bor egongo dira hirugarren egunean: Wikipedia Eguna, "Oreina" filmean oinarritutako hiru laburmetrai, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda, Iker Lauroba, Errementari, Modus Operandi...

- Egitaraurik zabalena izango du gaur Durangoko Azokak: "Soinujolearen Semea" eta "Muga deitzen da pausoa" pelikulen aurre-estreinaldiak Irudienean; mikroantzerkiak Szenatokian; Gatibu, Hesian, Nogen, Bad Sound, Txapelpunk eta Leihotikan (Ahotsenea zuz.), Idurre Eskisabel, Katixa Agirre, Unai Iturriaga (Ahotsenea sol.), Anestesia Plateruenan...

- "Etzi Portu Maritimoa" taldeak aurkeztu du. Talde horretako kide dira Xabier Landabidea Urresti, Galder Gonzalez Larrañaga, Beñat Irasuegi Ibarra, Ohiana Calparsoro Forcada, Yerai Gascón Sánchez, Unai Gorrotxategi Sabino, Gorka Salces Alcalde eta Eneko Olazabal Arruabarrena.

- Gerediaga Elkarteko ordezkariak pozik agertu dira Durangoko Azokaren lehenengo Sormen Bekak euskaraz sortu eta argitaratutako lehen rol jokoaren liburua ahalbidetuko duelako.