Eta azken eguna helduko da bihar! Lau egun biziren ostean, bihar, abenduak 6, Azokako azken eguna izango dugu, ekitaldiz betea ere kulturaren plazak merezi duen moduan agurtzeko.

Hirugarren eguna bizi du gaur Durangoko Azokak, jada aurtengo edizioaren erdia egina du. Gaurkoan, atzokoan baino beteago ikusi dugu oraindik Landako gunea, baita eguerdi tarteetan ere. Doako autobus zerbitzuak ere bete-bete egin ditu bidaiak.

- Milaka ikasle elkartu dira gaur goizean Landako Gunean eta gainontzeko espazioetan. Arratsaldean euskara ikasten ari diren helduen taldeen txanda izango da.

- Bihar ekitaldiz lepo izango dugu eguna: Euskararen Nazioarteko Egunagaz lotutako kalejira, Argizaiola Sariak, Zea Maysen kontzertua, Game Erauntsia taldearen bideo-joko goiza, Ahotsenearen eguneroko maratoia, Kameratoiaren hasiera, Gogoetaren Guneko lehenengo saioa eta abar.

Atzera-kontua amaitu DA! Hasi da Durangoko Azokaren 51. edizioa! Goizeko 10:30ak jo orduko, ikasle-uholde bat sartu da Landako Gunera, erakusleihoen arteko kaleak betez. Donostia 2016ren ekarpenez, Karrika Antzerki Taldeak hasiera ikusgarria eman dio aurtengo kulturaren plazari, Deshakespearezioa obraren pasarte bat egokituz hitzordu honetarako: sua, malabareak, hankapaloak... eta kitto, zabaldu dira Durangoko Azokako ateak! Ondo etorri, eta azoka on danori!

Jendetza elkartzen ari da gaur, abenduak 3, Durangoko Azokan. Itolarririk gabe, baina Azokako espazio guztietan ehundaka euskaltzale eta kulturzale elkartzen ari dira. Eguraldia lagun, Durangoko kaleak ere jendez lepo egon dira. Gainera, lau kalejira antolatu dira kaleak girotzeko: Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta Polekeleke txarangak barre-algarak eragin ditu, Agirre Lehendakariarekin lotutako erraldoi-kalejira ere izan dugu, Kriskitineko dantzari eta musikariek ere kaleak alaitu dituzte, Aiko Dantza Taldeak dantzan jarri ditu bisitariak...

- Kulturaren plazak goizeko 10:15ean zabalduko ditu ateak, bost eguneko kultur maratoiari hasiera emanez. Karrika Antzerki Taldeak Deshakespearezioa obraren pasarte bat antzeztuko du, ateak zabalduz eta Donostia 2016ri keinu eginez.

- Inaugurazio-ekitaldia 19:00etan izango da Areto Nagusian. Bertan izango dira Gerediagako presidente Nerea Mujika, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiria.